Laura
Esteve Donostian jaio zen 1939an. Zumeta, Sanz, Balerdi, Ameztoy
eta beste batzuk bezala, Artista Berrien Lehiaketei esker Gipuzkoako
abangoardia artistikoan murgildu ziren artisten belaunaldikoa
da.
Nahiz
eta pintura inoiz ez utzi, Laurak publizitate-diseinuari eutsi
zion eta bide horretan barneratuz jorratu zuen bere etorkizun
profesionala.
““Jarduera
desberdinak dira. Pintatzea behar bat da. Jarduera askeagoa
denez, une bakoitzeko barne bulkadari men eginez burutzen da.
Grafismoa ere interesgarria da niretzat, hark ere badu bere
teknika, eta lanbidearen ikuspegitik etorkizun gehiagokoa da”.
Laura
Estevek beti bilatu du trebetasun teknikoa bai pinturan bai
diseinuan, baina arte-lana lortzeko grina inoiz galdu gabe.
Cobreros
Uranga irakasle zuela hasi zen bere burua prestatzen Arte eta
Lanbide Eskolan. Geroago Ascensio Martiarenarekin ibili zen,
hark Marrutxipin zuen estudioan, eta baita Gipuzkoako Arte Eskolan
ere.
Ia
hasieratik bertatik publizitate diseinurako interesa agertu
zitzaion eta afixak egiten hasi zen Ascensio Martiarenaren laguntzarekin.
Beste aldetik, Rafael Munoak utzitako liburuen bidez, erreprodukzioen
bidez, Parisera eta Londresera bidaiatuz, lehen urratsak egiteko
behar zituen kontzeptuak eta teknika eskuratu zituen.
Beti
eraman du bere barnean pintura eta marrazkigintzarako grina.
Marrazteko esku trebetasun hori urtetako lanari esker lortu
du. Izan ere, ikasteko gogo nekaezin bat izan du beti (1986an
marrazki eta grabaketako ikastaro bat egin zuen Peruggiako Arte
Ederren Eskolan) eta, gainera, edozein toki eta euskarritan
(eskuzapitan, orri bazterretan...) marrazkiak nahiz zirriborroak
egiteko berezko joera erakutsi du.
2002ko
urtean, pertsona ezagunen erretratu azkarrak egin ditu, haiek
telebistako Localia programan elkarrizketatzen zituzten bitartean.
Lauraren
lehen lanak irudi eta barnealde gouache eta ureztatuak ziren,
bidaietan ikusitako paisaien zirriborroak, forma estilizatuen
konposizioak, eta orain, 2000ko urteaz geroztik, olio-pinturako
lan bat egiten ari da abstrakzio lirikoaren hizkuntza erabiliz,
irudipenak, ehundurak eta kalitateak agertzen eta desagertzen
diren pastel kolorez argitutako paleta baten bidez.
Bost
urtetan ALAS Norte publizitate agentzian egin zuen lan. Ilustratzaile
gisa hasi zen, baina berehala aurkitu eta ikasi zuen zer den
diseinua, zer maketatzea, tipografiak duen garrantzia eta nola
erabili, eta irudi grafikoak erabiliz diseinua nola aberastu.
1978an
bere estudioa sortu zuen (Estudio TC de Comunicación),
Agustin Echenique eta Maite Menchacarekin batera. Publizitate
lanak egin zituzten, merkataritza publizitateko kanpainak eta
baita kultur eta gizarte ikuspuntuko nahiko lan ere instituzioentzat
(Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Atzegi eta Aspace
kanpaina).
““Inoiz ez nintzen moldatu publizitatearen aginduetara.
Nik egindakoa ez zen behar bezainbat komertzial izaten; izan
ere, nire baitan neraman jasotako prestakuntza artistikoa eta
alderdi batzuk arbuiatu egiten nituen halabeharrez”.
Hori
dela eta, bere kontura jarri eta kultur nahiz gizarte proiektutan
parte hartzen hasi zen, bere nortasunari hobeto txertatzen zitzaion
lan modua hartu zuelarik.
Hala eta guztiz ere, ez zion diseinu komertziala egiteari behin
betiko utzi. Hala, bere bezeroen artean ditugu Couth makina-erreminta,
Tavex ehun-taldea (1990), Sanfor larrugintza (1990), Stua altzariak
(1991), Casa Julian (1993) eta Arzak jatetxea. Azken horrekin
25 urte darama lanean logotipoa diseinatzen eta menu nahiz plateretan
aplikatzen.
Lauraren nortasuna ertz askotakoa da eta hori garbi ageri da
bai haren pintura eta diseinu lanetan eta baita parte hartu
duen proiektu guztietan ere.
|
Laura
Esteveren ARTE-LANAK arte estudioa. 1997an, Laura sormeneko
espazio bat zabaldu zuen Donostiako Kolon pasealekuan, arte giroaz
eta bohemiaz beteriko espazioa. Pintura eta marrazkia erakusteaz
gain, Laurak estudio horretan galeria bat zabaldu zuen Juan Cruz
Unzurrunzagarekin batera. Artea herrikoitzea zen helburua, lan
artistikoa herritarrei hurbiltzea, koadroak, eskulturak, lan grafikoa,
marrazkiak eta objektuak (zeramikakoak eta bitxiak) prezio eskuragarrian
jartzea.
Lagun
eta pertsona arte zaleen topaleku bihurtu zen, bilera eta solasaldien
aitzakiaz proiektuak eta ideiak landu eta sortzeko topaleku. Baina,
inoiz baita errebindikazio eta protesten topaleku ere.
1998ko
maiatza zen eta behi bihurtutako zezena jarri zuen estudioaren
terrazan, Espainiako bide sarean barreiatutako Osborne enpresako
97 zezen kultur ondare aitortzeko erabakiaren aurka.
Gaur
egun ere pintura eta marrazkiko ikastaroak ematen ditu Laurak.
Begiratzen irakastea, begien sentikortasuna lantzen laguntzea,
marrazkiari buruzko kontzeptu teknikoak agertzea... Laurak asko
maite dituen erronkak dira.
Donostiako
Su Festen Nazioarteko Lehiaketa Laura lehiaketako epaimahaikide
izan da zazpi urtetan. Harentzat festa aitzakia baino gehiago
zen agerkari hori, zioen bezala iragankortasunezko sormen lana
baita, eta bere horretan oso interesgarria. Lauraren alderdi artistikoak
ikuskizunaren ikuspegi estetikoa erantsi zion epaimahaiari. Hari
esker, lehiatzaileek alderdi artistikoa erakutsi behar dute, teknikoaz
gain.
Erakusketak
eta sariak
1957-1959.
Artista Berrien XVIII. eta XIX. Erakusketak. Gipuzkoako Aldundi
Probintzialak antolatu zituen Udalaren Arte Aretoetan. Pinturako
sariak jaso zituen hainbat lehiaketetan.
Arte
Plastikoetako I. Lehiaketa Nazionala. Marrazkiko lehen saria “Niña
corriendo” lanarengatik.
1957.
I. Marrazki Aretoa. Omenaldia Ignacio Zuloagari. Erakusketa Kolektiboa.
Udalaren Arte Aretoak.
1958. Banakako erakusketa Gipuzkoa Klub Aretoan.
1959-60. Akuarela
eta Marrazkiko II. Lehiaketa. Akuarelako lehen saria “Plaza
de Guipúzcoa” lanarengatik.
1964. Erakusketa
kolektiboa. Omenaldia Ascensio Martiarenari. Udalaren Arte Aretoak.
1962 eta 1969.
Banakako erakusketa Espelunca aretoan. Bergara kalea, 6. Donostia.
Aretoaren ezaugarriek aukera ematen ziotenez, marrazki eta ureztatuekin
batera argitalpenen azalak, afixetan egindako marrazki aplikazioak
eta krismak ere erakutsi zituen.
1968. Castelloneko
Zirconio SA enpresaren “Decoro Zirconio 1969” saria
irabazi zuen. Lauzak diseinatzeko marrazkia zen.
1969. Aipamen
berezia Euskal Herriko IV. Bizikleta Birarako afixen lehiaketan
“Concentración” lanarengatik.
1969. Antzerki
obretarako dekoratuak egin zituen Kursaaleko Ganbera Antzerkian.
1970. Dotoreziaren
VII. Areto sindikala. Donostia. Afixetan lehen saria irabazi zuen
“Boulevard” lanarengatik.
1970. Gipuzkoako Pintore Emakumeen II. Lehiaketa. Caja de Ahorros
de Guipúzcoa eta Unidad erakundeek antolatu zuten San Telmo
museoan. Donostia. Lehiaketan lehen aldiz aurkeztutakoari ematen
zitzaion saria irabazi zuen “Pintura” lanarengatik.
1982. Arteder
82. Lan Grafikoaren Nazioarteko Erakustaldia.
1984. Altxerri
galeriaren inaugurazio erakusketa. Donostia. Galeriako artisten
erakusketa kolektiboa.
1985. Donostiako
XX. Jazzaldiaren Afixa Lehiaketaren Lehen Saria.
1989. Gipuzkoako
Arte Elkartearen 40. urteurrena San Telmo museoan. Donostia. Erakusketa
kolektiboa, erakundekoak izan ziren artistekin batera.
|